XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eman dezakeen laguntza emateaz gain, begien aurrean jartzen digu bestela ezin ezagut genezakeen Miangolarra bat.

Minelliusena eskola edizioa da erabat, Virgilioren testuaren xehetasun oinarrizkoenak eta ez dira uste izaten den bezain errazak argitzeko zuzendua alegia, eta xede horretarako guztiz egokiak dira dituen ohar txiki ugari baino ugariagoak oharrak ere, gorago ikusi den bezala, latinez:

alde honetatik begiratuta, beste edozein edizio bezain ona izan liteke Minelliusena eta ez luke lotsarik izan beharko atzoko nahiz gaurko beste edozein eskola edizioren ondoan.

Era honetako liburua izanik eta Virgiliorena delarik testua, gutxienekoa da zaharkituak egotea edo ez egotea Minelliusen edizio hauek:

beharbada harrigarri samarra izan daiteke hori izatea Miangolarrak eskura zuena baina, esan den legez, oso harrera ona eduki zuten edizioak izan ziren Minelliusen edo Minelliusenetatik egindako hauek.

Nago xelebrekeria hau aipatuz bukatzeko lehenengo eklogak, Miangolarraren itzulpenean, kolore etxetiar berezi bat hartzen duela:

esango nuke Tityrok galdu eta berreskuratzen dituen lurretan Miangolarrak eusko aberriaren isla bat ikusarazi nahi izan duela, eta lurrok lapurtzeko zorian egon den impius miles hartan, barbarus hartan, aberria itotzen duten indar kanpotarren ikur bat.

Ikus dezagun: servitio... exire (I, 40), Miangolarraren eskuetan, arrotsen buztarrpetik urrteterik bihurtzen da, ekloga osoan zehar arrotzen mendean pasatutako mendetasunik aipatzen ez denean ezta ere, orobat, honen inguruan egon diren iruzkinetan.

Ustez Octaviano denaren ahoan jartzen den lerroak, Pascite ut ante boves, pueri; summittite tauros (I, 45), honako gehiketa hau erakusten du: Ia, gaztiak! basoratu zeuen beyak, buztarrtu idijak, eta bixi zaiteze, nai legez, zeuen lurretan;

Miangolarrak bere buruari ametitzen dizkion askatasunak eta liberalkeriak alde batera utzita, azken zeuen lurretan hori ezin da atera, ezta hurrik eman ere, jatorrizkoan irakurtzen denetik.

Hurrengo lerroa, Fortunate senex, ergo tua rura manebunt (I, 46), honela moldatzen du Miangolarrak: Zorionekua zu, zeure lurren jabe geratzen zaran, aguretxu ori; askeegia da, tua predikatibotzat hartzen badugu ere.

Honen oihartzuna egiten duen bertsoak, Fortunate senex, hic inter flumina nota... (I, 51), itxura hau hartzen du:

Zorionekua, bai, zu, benetan, aguretxua.

Emen, jayo ziñan errekatxu ta iturri ertzetan...

Azkenik, I, 64ko hinc geure aberritik bihurtzen da.

Laguntza hauekin sinbolismoa erraz datorkio burura edonori: itzulpenaren lehenengo edizioan, JEL aldizkarian, oraindik errazago.

Miangolarraren itzulpen honek merezi ez duen zori txar bat izan du:

egia bada on Gregorio Mujikak Iturriagaren bien ondoan argitaratu zituela lehenengoa eta hirugarrena, Ibiñagabeitiak, gaztetan irakurrita zuela bazekien arren, berea egin zuenean ez zen Miangolarraren itzulpenaren ezerekin gogoratzen;

Orixeren gogarakoa ba omen zen Miangolarra: haren buen gusto e ingenio, klasikotasuna, ingenio flexible y fácil aipatzen ditu, baina ez espresuki Virgilioren itzulpenaren gainean hitz egitean 32 Ibiñagabeitiak dioena, zehazki, hau da: Auek bai [sc. Miangolarrak itzulitako eklogak, Iturriagarenak ez bezala], gazterik irakurri nituen eta etxean utzi nituen liburuen artean au ere an izango da nunbait, erre zitzaizkidanen artean ez bazen, ainbeste liburu erre bai zitzaizkidan... Baiñan itzulpen ontaz ere, nekez ezer esan nezake igaro den urte samaldak ezpaitit irizpiderik borobiltzen uzten (A. Ibiñagabeitia, Bergiliren Unai eta Alor-Kantak, I. Ruiz Arzalluz ed., Donostia 1992, 5). Orixeren hitzak hain zuzen ere aipatu Quejidos de mi salterio liburuari egindako iruzkinetik daude hartuta: Euzkadi, 1929ko apirilaren 25, orain idazlan guztien hirugarren tomoan, 296-299..